XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hirugarrenik, aipaturiko bi taldeen banaketa joera berrizaleen eta klasikozaleen arabera egiteari ez deritzot egoki, sailkapen honek ez bait du nondik heldurik.

Demagun Orixe hertsiki klasikoa dela.

Bego.

Baina zehaztu behar dena da, egin den baino gehiago, horren kontrakarrean modernotzat aipatu izan direnak, adibidez Aitzol eta Lauaxeta, zertan diren moderno: hizkuntzaren berrikuntzan? literatur baliabideetan? ideologian?

Mailok oro ondo bereizi beharrekoak dira.

Nire ustez, modernotasunaren kontzeptua ezin zaio aplikatu Aitzolen belaunaldiko ezein idazleri.

Orduko euskaltzaleen ideologi osagarri nagusia, ANV alderdiaren joera liberala salbu, funtsean kontserbadorea da.

Lauaxeta, poeta sinbolista eta inpresionista izanda ere, ideologia horretan kokatzen da, euskaldun-fededun eskemaren barruan.

Laugarrenik, herri-poesia ala poesia landua, nork arrazoi?

Funtsean, nik uste, horretara mugatu izan da 1930-1936 epealdiko literatur borroka guztia.

Aitzolen 1934eko etsipenak ere, dirudienez, arrazoi linguistikoan du bere erroa.

Haren hizkuntz plangintza orokorrean, ikastolen eraikuntzarekin batera, literaturari eman zion lehentasuna, pentsatzen bait zuen literatur mugimendua izango zela eragilerik bizkorrena euskal gizartearen bilakabide sozio-politikoan nahiz kulturalean.

Gizarte-faktore horien egokitzapena ez bait zen uste bezain optimista izan, Aitzolek poesia landuaren ereduari bota zion errua.

Hortik ezaguna zaigun tesia: herriari, beronek uler dezakeen literatura eman behar zaio.

Horregatik baztertzen ditu Lizardi eta Orixeren literatura landua, gutxiengo bati zuzendua dagoelako, hain zuzen.

Planteamendu honetan, berriro, bi maila dauzkagu bereizi beharrekoak.

Batetik, Aitzolen hasierako planteamendu soziolinguistikoa da okerra, ez bait da gauza frogatua gizarte-eragileen artean faktore kulturala dela garrantzitsuena eta, horren barruan, literatura.

Honi ezin zaio eskatu bete ezin duen mirakulurik.

Hauxe da erreformisten jokabide tipikoa, Aitzolena zen bezala.

Eusko Pizkundearen gorakadan desoreka gertatzen bada, galdegin behar zuen zergatik.

Horretarako, arrazoien bila literaturan geratu ordez, hasierako planteamentuaren zuztarretara jo behar zuen.

Egin ez zuena, noski.

Hortik dator nahasketa.

Bestetik, eta hau da eztabaidatzeko bigarren puntua, 1933az geroztik herri-poesiari ematen zaion garrantzia txarretsi behar denentz galdetzen bada, nire ustez, hemen ere, bigarren makurra egotzi behar zaio Aitzoli.

Zeren alternatiba ez bait zen herri-poesia ala poesia landua, baizik eta lantzea, Lizardi batek zuhurki idatzi bezala, herri-poesia, poesia landua eta beste poesi motak, guztiak batera.

Honez gero esan beharrik ez dagoela uste dut, luzarora baita laburrera ere, baldin oreka gordetzen bada, poesia landua dela errentagarriena eta herri baten literatura gehien aberasten duena.

Ni bederen ez natzaizue hasiko, herri-poesiaren izenean, Lauaxeta, P. Etxeberria, Otamendi, Sukia, etab., etxeratzen, horretarako Lizardi eta Orixe kanporatu behar badira.